28 urte eta 29 espedizio igaro ondoren, talde bikain honek lortu du lehen aldiz Nanga Parbat (8.126 m) neguan igotzea, zorionak!
¡Por fin! Iritsi da hainbeste itxarondako eguna! 28 urte beranduago, 29 espediziok kale egin ondoren, azkenean 30. saiakeran, gaur goizean, lortu dute Alex Txikon, Ali Sadpara eta Simone Morok lehen aldiz Nanga Parbaten neguko gailurra egitea. 2016ko otsailaren 26a den honetan, goizean goiz abiatu dira 7.200 metrora dagoen 4. kanpamentutik, eta poliki poliki, Pakistanen arratsaldeko 15:37 ak zirenean gailurra egin dute 8.126 metroko altuerara iritsiz. Tamara Lunger bere hiru kideekin abiatu bada ere, metro batzuk beherago geratu da.
Espedizioa Alex Txikonen Racetrackeraren bidez gertutik jarraitu ahal izan dute bere jarraitzaileek, baita sare sozialen bidez ere. Izan ere, Igone Mariezkurrena, espedizioaren komunikazio arduraduna, minutuz minutu gertakizunen berri ematen joan da, eta mendizaleen bidea prismatiko bidez jarraitu ahal izan du Kanpamentu Basetik.
Inguru Abenturatik talde osoa zoriondu nahi dugu burutu duten igoera historikoagatik, aupa zuek!